Neguko Euskal Herriko Infantilen txapelketa (Galdakao) II

Bigarren egunari Igandeari dagokionez berriz goiz eta arratsaldez aritu dira Zarautz Balea Igeriketako gure bi igerilariak. Larunbateko marka onei zeharka begiratuz, erritmo bikain horri jarraipena emateko intentzioarekin hurbildu gara Galdakao.ko igerilekura.

Goizean goiz Gaizka Rodriguez.en txanda izan da lehendabizi, 200 libre frogan. Irteeran zorte txarra eduki du eta betaurrekoetara ura sartu zaion arren (lehen biraketaren ondoren 2 seg galdu ditu ondo ipintzeko), burua hotz mantentzea lortu du, proba on bat lortzeko asmoarekin. Lehenengo 100ean 1’09”09 denbora markatu du kronometroak, erritmoa azkartzeko unea heldu da, eta ondoko kalean zegoen Buruntzaldeko igerilariarekin borrokatuz amaiera bikaina egin digu, bigarren 100a 1’09”81 denboran eginaz, guztira 2’18”90eko marka osatuz.

Ondoren Xuban Arrieta 100 bizkar frogan aritu da. Bere frogarik onena izan ez arren (200 libre Gipuzkoa Absolutorako gorde digu) ahalik eta ongien egiten saiatu da. 1’11”57ko denbora lortu digu (35”22 eta 36”35). Agian azkarxeago hastea falta izan zaigu, amaiera oso ona egin baitu.

 

Txapelketari amaiera emateko, arratsaldeko saioan 50 libre frogan parte hartzea baino ez zen falta. Biei serie berdinean parte hartzea tokatu zaie. Bietan horma lehena ikutzen Xuban izan da 27”53 denborarekin, gutxigatik ez du Gipuzkoa Absolutoko minima lortu (27”49 baita). Ondoren Gaizka iritxi da 28”61 markarekin, biraketan pareta oso luze geratu zaio eta denbora dexente galdu du (segundu erdi inguru bai) eta igeriketako probarik azkarrena hau izanik edozein akats oso garesti ordaintzen da.

Nahiz eta txapelketa perfektua ez izan, emaitza positiboetan kontzentratu eta akatsak zuzenduz, datorren Martxoak 9 eta 10 Gipuzkoa Absoluto txapelketara begira jarriko gara. Guztira taldeko 18 igerilarik lortu dute txartela parte hartzeko. Gainontzeko igerilariek, infantil mailako gaztetxoenek Lasarte.ko Maialen Chourraut igerilekuan izango den Saria.n parte hartuko dute, 25 igerilari inguruk hain zuzen.

Neguko Euskal Herriko Infantilen txapelketako EMAITZAK